XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Xabier Lekuonari.

Ezer baino lehen aipatu nahi nizuke asko harritu nauela saioan izan ez eta bertsoak entzun gabe kanpotik jaso dituzun iritzietaz soilik baliatuz idatzi zenuen artikulua idatzi izanak.

Bestalde, ez dakit zuk irratirik entzun eta egunkaririk irakurri duzun, baina uste dut nik nahiko garbi azaldu dudala gaizki eginaren damua, eta beste behin gehiago ez daukat arazorik Xenpelar sariaren antolatzaileei, Ereintza Elkarteari eta epaimahaiari barkamenak eskatzeko.

Ni gaztea naiz eta asko daukat oraindik ikasteko, baina nire akatsa onartu dut eta hori ez al da gutxi?

Jakinarazi nahi dizut, gaizki egina nirea izan dela, baina ordaintzen ere ni ari naiz, eta larrutik gainera.

Zuk aipatzen duzun ixiltasun hori, nik behintzat ez dut bizi izan.

Beharbada merezia izango dut, baina benetan diotsut ez dizkiodala inori opa nik egun hauetan bizi izan ditudan trantze txarrak.

Eskutiz honen bitartez eskertu nahi ditut bide batez nik egindakoarekin ados egon ez arren, beraien iritzi garbi azaldu, esan beharrekoak niri esan eta gauzak diren bezala ikusten laguntzeko deitu didaten guztiei.

Beraiek izan bait dira era berean bihotzez barkatu eta morala jasotzen lagundu didatenak.

Espero dut orain artikulua idatzi zenuenean baino informazio gehiago izango duzula, eta eskertuko nizuke kontu honi hainbesterainoko garrantziarik emango ez bazenio.

Garbi dago akatsa pertsona bakar eta konkretu batena izan dela, eta ekintza hau ez dedila izan saioaren antolatzaileen lan eta ilusioa hankaz gora botatzeko arrazoi eta ezta ere Xenpelar sariketak orain arte izan eta ondo merezita daukan lekuan jarraitzeko oztopo; besterik ez dut nahi.

AINHOA AGIRREAZALDEGI

Bergara (Gipuzkoa)